Lanbide Heziketa Dualean, gora egin du enpresa zein ikasle kopuruak. Ikasle hauen lan munduko txertatzea %96,2an dago, ikasketak amaitu eta hurrengo egunean

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalorekin batera, Lanbide Heziketak izan duen bilakaeraren inguruko datuak ezagutarazi ditu  Bilbon. Zehazki, sailburua eta sailburuordea matrikulazioaren bilakaeraz, Lanbide Heziketan neskek duten presentziaz, Lanbide Heziketa Dualaz eta heziketa eredu honen inguruan enpresek, ikastetxeek zein ikasleek duten asebetetze mailaz aritu dira.

Lanbide Heziketa Duala eta lan munduan txertatzea

Lanbide Heziketa Duala izaten ari den bilakaera ere azaldu dute sailburuak eta sailburuordeak. 2.295 ikasle ari dira aurten ikasketak eredu dualean burutzen (aurreko ikasturtean 1.913 ziren), prestakuntza mota honetan parte hartzen duten 1.434 enpresen bidez (aurreko ikasturtean 1.122 enpresa ziren). Lanbide Heziketa Duala 97 ikastetxetan eskaintzen da (iazko kopuru berbera). Prestakuntza Dualean ari diren ikasleen artean, 10etik 8 Goi Mailako Heziketa Zikloetan ari dira, eta %19,5 Erdi Mailako Graduetakoak dira.

Formazio onak eragin zuzena du ikasleen prestakuntza egokian, eta ondorioz, lan munduan txertatze maila ere hobea da. Horrela bada, azpimarratzekoa da Lanbide Heziketa Dualean aritu diren ikasleek duten enpleagagarritasun maila altua. 2017-2018 ikasturteko datuak aintzat hartuz, ikasle hauetatik %96,2-k ikasketak amaitu eta hurrengo egunean izan zuten lan kontratua.

Asebetetze maila handia

Aurreko urteetan legez prestakuntza dualean parte hartu duten enpresek, Lanbide Heziketako ikastetxeek zein ikasleek iritzia eman dute, euren asebetetze maila ebaluatu duen inkesta baten bidez.

  • Ikasleek, 8,1-eko batez besteko nota eman diote esperientziari, eta bereziki balorazio ona egin diote enpresan zuzen-zuzenean burutzen den lanaren bidez ezagutza jasotzeko aukera izateari (8,6 puntu). Ikasleen balorazio ona jaso du, bestalde, enpresan egin duten lanean Lanbide Heziketako ikastetxeak egin duen tutoretzak ere (8,4 puntu).
  • Lanbide Heziketako ikastetxeek, 8,4-ko batez besteko nota emanda, ikasleen lanbide-konpetentziak ebaluatu ahal izateko jaso duten formazioa baloratu dute ondoen (8,5), eta baita enpresako tutorearekin izan duten harremana eta komunikazioa ere (8,8).
  • Enpresek berriz, euren asebetetze maila 8,6 punturekin baloratu dute. Lanbide Heziketa Dualaz balorazio bikaina egiten dute oro har (8,8); eta are hobea da erantzuna, hurrengo ikasturtean programa dualeko ikasleren bat berriro hartuko ote luketen galdetzean.